XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Berdinak ditu ezpain biak, nahiko puztuak, gihartsuak.

Tankeraz ez da gizena.

Agian meharregia ere bada.

Aurpegia lehuna du, luze xamarra.

Bekokiaren erdian zimur baten antzeko zulotto bat du.

Zulo xipi hark eskola ume baten itxura ematen dio.

Baina haren ezpainak sensualak dira.

Begiak eta ezpainak dira haren aurpegiari nortasuna ematen diotenak.

Inoiz, bere ile luzea lepo atzean biltzen duenean, Boticcelliren kuadroetako birjin bat dirudi.

Ezpain hoiek ez balitu, edozein madonaren bisajea luke.

Orain, ene gela honetan balego bezala gogoratzen naiz Inesen aurpegiaz.

Memento honetan neure ondoan banu bezalaxe ikusten dut haren jarrera.

Ordea hiru hilabete dira haren aurpegia ikusi ez dudala.

Bai, noski, eguerdi hartan ikusi nuen trolebusean nindoala, baina ikusi ere oso urrutira ikusi nuen.

Gainera, ez dut gogoko hondartzara zihoan egun hartako bere imajina gogoratzerik.

Ines hura ezezagun egin zitzaidan.

Mutil harekin zihoanez arrotz eta gaitz egin zitzaidan.

Eta hori ahaztu egin behar dut.

Ez zait laket.

Uda honetako gau luzeetan jabetu naiz zein nerekoiki maite dudan Ines. Zeloak.

Franziskok farre eginen luke ene burutazio eta sentimendu hauen berri jakinen balu.

Eguerdi hartan Inesi laguntzen zion mutil haren zeloak ditut.

Eta, areago, Inesen inguruan mugitzen diren pertsona guztien zeloak.

Berak harnasten duen haizea ere lizun iruditzen zait.